Hezkuntza Proiektua

Ikasturte mugitua bizitzen ari gara hezkuntzari dagokionez. Aldaketa haizeak usaindu daitezke Erriberako mahastietatik barna, Kantauri itsasoko kresaleraino. Baina, zoritxarrez, Madriletik datorren kiratsa da nagusi, LOMCEri darion kiratsa . Gure airea kutsatuz gure birikak gaixotzen dituena. Batzuk kirats hori ez arnasteko maskarilak eskaintzen dizkiguten bitartean, horrela kiratsa ez arnastea saihestuko bagenuke bezala, beste batzuk kirats hori gureganaino ez iristeko haize zirimola sortzen ari gara, txikia oraindik baina indarra hartzen ari dena.Alta, gure ustez irtenbidea gure airea arnastean dago. Gure birikak bizi garen ingurura egokituak daude eta bertako airea arnastea behar dute, eta gainera aire hori geroz eta gardenago eta osasuntsuago nahi dugu izatea.

Eta horretara dator ondoko proposamena, gure birikak zaindu eta modu osasuntsu batean bizitzeko proposamena. Kanpotik datozen haize-bolada eta kiratsei aurre egin eta gure gureak diren usaiak berreskuratzeko saiakera;horrela soilik lortuko baitugu bizitza osasuntsua izatea.

Beraz, ondoko ekarpena Hezkuntza Propioaren bidean urrats praktikoa izan nahi du. Ikastetxez ikastetxe, hezkuntza komunitate osoaren parte hartzearekin, hezkuntza proiektuak berriztatzeko proposamena luzatzen dugu. Nahi eta behar dugun hezkuntza sistema propioa eraikitzeko bidean ondar aletxoa izan dadin.

Zer da hezkuntza proiektua?

Hezkuntza Proiektua (HP) ikastetxearen nortasun ikurrak eta helburu nagusiak definitzen duen dokumentua da. Eskola komunitateak ikastetxe horretarako osatutako hezkuntza-aukera adierazten da bertan. Ondorioz, HP proposamen integrala eta globala da; ikastetxearen beraren ezaugarrien analisia aintzat hartuta, bere ezaugarriak, balioak, printzipioak eta helburuak zehazten ditu, eta horiek nola bete adierazten du.

HPk hezkuntza-asmo argia du, komunitateak ikasleentzat finkatutako aukera eta horretarako bitartekoak adierazten dituelako. Halaber, ikasle guztiei kalitateko hezkuntza ekitatiboa emateko konpromisoa islatzen du, bizi den ingurune eta gizarte-bizitzarako beharrezko gaitasunak eskura ditzan bizitza duin baterako bide emanez eta, horien bidez, eskola-arrakasta lor dezaten.

Aldi berean, Ikastetxearen Hezkuntza Proiektua, herri, eragileen, instituzioen, familien, ikasleen eta ikastetxean aritzen diren langile ororen arteko elkargunea da. Gune horretan, bakoitzak hezkuntzari buruz duen ikuspegia eta ikastetxearen ingurunearen interpretazioa plazaratuko ditu, eta guztien artean, hezkuntza-jarduerak oinarri izango dituen konpromisoak adostuko dituzte.

Finean, Ikastetxearen Hezkuntza Proiektua ikastetxearen ezaugarriak zehazten dituen oinarrizko eta funtsezko dokumentu instituzionala da.

Hezkuntza-komunitatearen parte-hartze zabalarekin osatzen dena eta honenbestez, denon ipar-orratza. Ikastetxearen Hezkuntza Proiektuak heziketa prozesua garatuko duten bestelako dokumentuen norabidea finkatzeko oinarrizko irizpideak jasotzen ditu. Besteak beste, honako hauek dira dokumentu horiek:

Curriculumaren esparruan, Ikastetxearen Curriculum Proiektua.

<ul

    • Antolakuntzaren esparruan, Antolakuntza eta Jarduera Araudia.

    • Urteko programazioa

    • Oinarriak

      Hezkuntza Proiektuak 7 oinarri hauen gainean eraikitzea proposatzen dugu.

      1. Euskal Curriculumean oinarritua. Gure ustez, heziketa prozesuaren

      ardatz nagusia Euskal Curriculuma izan behar du. Izan ere, hezkuntza, kulturen eta balioen eramailea da, gizarteratzeko bidea eta proiektu komun baten arragoa, eta ondorioz, curriculuma, hezkuntza praktika gidatzen duten helburu eta edukien arrazoizko programazio tekniko huts bat baino askoz gehiago. Curriculuma gizarte-elkarte baten gizarte- eta kultur egitasmo propioak eskola eremuan duen adierazpen gisa uler daiteke. Euskal Curriculuma biharko Euskal Herria eraikitzeko tresna da. Eta honenbestez EH ikastetxe ororen elkargune pedagogikoa.

      1. Hezkuntzaren gaineko ikuspegi askatzailea. Aurreko elementuari

      loturik,hezkuntzaren balore askatzaile eta eraldatzailea azpimarratu nahi dugu. Hezkuntzak errealitatea kontzienteki ulertu eta eraldatzeko baliabideak eman behar dizkie ikasleei, ikasleek errealitate berriak asma ditzaten.

      1. Ikasle euskaldun eleanitzak. Agortuak dauden hizkuntza ereduak

      gainditu eta euskaldun eleanitzak sortzeko benetako eredua garatu behar luke hezkuntza proiektuak. Kontseiluak egindako proposamena zutabe, hezkuntza proiektuak bide horretan urratsak emateko erabakimena barnebildu beharko luke.

      4. Hezkidetzailea.Hezkidetza, gizon eta emakumeen arteko parekidetasuna lortzen laguntzeko planteamendu hezitzailea da.Haur Hezkuntzan hasi eta arloz arlo,mailaz maila eta etapaz etapa garatu beharreko planteamendua hain zuzen ere. Modu integralean eta bestelako eredu baterako jauzia ahalbidetu behar duena. Munduan eta Euskal Herrian kapital pedagogiko handia dago ikusmolde honi dagokionean eta berau probestu behar duelakoan gaude.Hezkuntza Proiektu guztia busti beharko luke bai filosofian,helburuetan zein dokumentua osatzeko prozesuan.

      5. Aukera berdintasuna eta aniztasunaren bermatzailea. Ikaskuntza-irakaskuntza prozesuan ikasle bakoitzaren ahalmenei dagokien trataera, aniztasunaren bideratzea, aukera berdintasuna(ikasle bakoitzari behar dituen baliabideak) bermatu eta aniztasunaren trataera bideratzeko proposamen zehatzak eskaini beharko lituzke hezkuntza proiektuak.

      6.Partaidetasuna oinarri. Hezkuntza-Proiektua hezkuntza komunitate osoaren zeregina da. Eta hemen du indarra dokumentu honek, denon artean ikastetxearen norabidea zehazteko prozesu horretan.Horregatik arreta berezia jarri behar da lantze-prozesuan. Hezkuntza-Proiektua baliagarria izango da, ez azken dokumentua ona izateagatik; lantze-prozesuak hezkuntza komunitate osoari iritziak adierazteko, jarrerak hurbiltzeko eta erabakiak gauzatu dituzten baieztapenak bereganatzeko aukera eman baldin badio izango da baliagarria.

      7.Dinamikoa.HPk ikastetxean aldaketak egiteko eta ikastetxea hobetzeko balio behar du. Abiapuntuko egoeraren azterketa egin, ikastetxearen hobekuntza-premiak ikusi eta hobekuntza zein eremutan egin behar den zehaztu behar da. Horrek guzti horrek izan behar du Hezkuntza-Proiektuaren abiapuntua.

      HPk hobekuntzarako ekintzak orientatu behar ditu eta eskola-elkarte osoaren konpromisoa eskatzen du hobekuntzaren bidetik aurrera egiteko.HP definitzea ikastetxe bakoitzak bere nortasun propioa sendotzeko eta bere hezkuntza-zereginaren irudi berria proiektatzeko balio behar du.

      Ezaugarriak

      Globala, integrala eta programatikoa.

      Hezkuntza Proiektua dokumentu globala da, ikastetxeko hezkuntzaren alderdi funtsezkoak zentzu integratzailean bateratzeko asmoa duelako. Erreferentzia programatikoa denez, hezkuntza-komunitateko pertsona guztiak lotzen ditu.

      Bakarra eta berezia.

      Hezkuntza Proiektua zentro bakoitzaren autonomiaren adierazpena da. Hezkuntza Proiektuaren bidez, ikastetxeak bere ezaugarriak eta dagozkion hezkuntza-aukerak zehazten ditu. Ikastetxearen Hezkuntza Proiektua bakar eta berezi bihurtzen duena zera da: ezaugarriak, indar-guneak, ahuleziak eta garatzeko asmoa duen helburuak integratzeko modua.

      Bizia, parte-hartzailea eta integratzailea eta ingurunearekin konprometitua.

      Funtsean, Hezkuntza Proiektua irakasleekin, bestelako langileekin, ikasleekin, familiekin eta hezkuntza-komunitateko beste eragileekin konprometituta dago, eta estamentu bakoitzaren hezkuntza-aukeren gaineko aurreikuspenak integratzearen eta osatzearen alde egiten du. Hezkuntza Proiektua prestatzeko prozedura parte-hartzailea eta integratzailea denez, dokumentu bizi bihurtzen da. Komunitateak egunez egunekoan erabakiak hartzeko erreferentzia izateak ere laguntzen dio dinamismo horri.

      Etorkizunera begirakoa. EH eraikitzeko baliagarria.

      Izan ere, etorkizuna nolakoa izango den jakiterik ez dagoen arren, aldi horretan bizitzea egokituko zaie egun ikasle direnei. Horrenbestez, ikasleek garatu beharreko balioak eta, gure asmoen arabera, beharrezkoak izango zaizkien gaitasunak aurreikusi behar ditu IHPk.Eta honenbestez hezkuntza propioaren bidean ekarpena gisa irudikatzen dugu.

      Laburra, xumea eta koherentea.

      Nahiz eta hezkuntza konplexua dela jakin, Hezkuntza Proiektua laburra eta xumea izatea garrantzia du. Gainera, joera bat, asmo bat, nahitasun bat adierazi behar ditu, hezkuntza-komunitatea ikastetxeak lortu nahi duen eredurantz gidatzeko, hartutako erabakien koherentzia bermatuta. Berrikusteko eta eguneratzeko modukoa.

      Hezkuntza Proiektua epe luzekoa izatea nahi badugu, eta epe luze horretan dokumentu bizia, integratzailea, loteslea eta hezkuntza-komunitateak erabakiak hartzeko erreferentziazkoa izatea nahi badugu, berrikusteko eta eguneratzeko modukoa izan beharko da, beste edozein proiektu bezala.

      Atalak eta edukiak

      NON GAUDE? IKASTETXEAREN TESTUINGURUAREN AZTERKETA

      NOR GARA? PRINTZIPIOAK, BALIOAK ETA NORTASUN EZAUGARRIAK

      ZER LORTU NAHI DUGU? HELBURUAK ETA LEHENTASUNAK

      NOLA LORTU NAHI DUGU? CURRICULUMAREN ETA ANTOLAMENDUAREN ESPARRUA.

      Metodologia

      Aukeratzen den metodologia aukeratzen dela, agente guztien eta norbanako guztien parte-hartzea bultzatu eta bermatzea izango du oinarria. Hamaika dinamika daude berau garatzeko, beraz, egokiena ikastetxe bakoitzaren ezaugarriak aintzat hartuta hobekien egokitzen diren dinamikak garatzea litzateke (ez baita berdina 1000 ikasle dituen ikastetxe bat edota 200 dituena, berdina ez den moduan Arabako lautadako ikastetxe bat edo Bilboko bat). Beraz, metodologia zehatz eta ondorioz dinamika zehatzak proposatu baino, hausnarketa bideratzeko oinarriak dira definitu ditugunak,hala nola:

      1. Ikastetxearen diagnostikoa. Zein dira ikastetxearen eta eskaintzen duen hezkuntza proposamenaren indar-guneak eta ahulguneak? Non gaude? Ikastetxearen testuingurua aintzat izanik. (AMIA)

      2. Nor gara?Printzipioak,balioak eta ezaugarriak

      3. Zergatik eta zertarako Ikastetxeko Hezkuntza Proiektua?

      4. Zein ekarpen egiten dio ikastetxeak bere inguruari, kokatuta dagoen herriari?

      5. Zer lortu nahi dugu? Helburuak

      6. Nola ebaluatuko dugu, nola egingo diogu jarraipena Hezkuntza Proiektuari? Nola bilakatuko dugu egunerokoaren ardatz?

Advertisements