ERLIJIOA ETA BALIO SOZIALAK ETA ZIBIKOAK

Euskal Herriko hezkuntzaren ingurumarian trabatuta dagoen gaia da honakoa: erlijioa bai edo ez? Zein erlijio baina? Horren ordez zer? Hiritartasuna? Balio sozialak eta zibikoak? Bada, gure ustez bada garai jauzi bat eman eta eztabaida antzu hau garaitzeko. Izan ere, gure ustez curriculum batean ez da ikuspegi erlijioso baten alden egin behar;ezta ikuspegi ateo baten alde ere. Curriculumaren bidez, existentziaren inguruko gogoeta egiten lagundu behar zaie ikasleei,egon diren eta dauden ikuspegien berri emanez eta funtsezkoak diren gogoetak mahai gaineratuz. Zentzu honetan, erlijioaren elementua bi aldiz garrantzitsua da: batetik, “egon diren edo dauden ikuspegiak” aipatzen dugunean, erlijioek munduan eta zehazkiago Euskal Herrian izan duten garrantzia kontutan hartu behar dugu ( onerako nahi txarrerako, ez baitira gutxi erlijioaren izenean burutu diren bidegabekeriak); bestetik, funtsezkoak diren gogoetak mahai gaineratzerakoan, ikuspegi erlijiosotik gogoeta horiei eman zaien erantzuna ere azaldu behar dugu, beste ikuspegi batzuetatik ematen zaienak aurkeztu behar ditugun bezala.Alabaina, jakintza arlo hauen planteamendua objektiboagoa izan behar du, zorrotzagoa,inpartzialagoa.

Horretarako,badugu tradizio handiko kontzeptua:Filosofia. Har dezagun kontzeptu hau, beraz, eta izenda dezagun horrela gizakion eskubide, betebehar, arau moralak zein existentziaren inguruko gogoeta egiteko balio behar duen jakintza arloari:FILOSOFIA.

Esan bezala, guk ez dugu baten alde edo kontra egiten, gure ustez ikuspegia da aldatu beharrekoa. Jakintza arlo hauek beste ikuspegi, beste gaitegi eta beste eredu baten gainean eraiki behar dira. Hobeto esanda, planteatzen diren bi jakintza arlo hauek kendu eta jakintza arlo berri bat txertatzea da gure proposamena.

ZERGATIK FILOSOFIA?

Filosofia tradizio luzea daukan jakintza eremua da. J.M Barandianek planteaturiko funtsezko zazpi galderetatik bati heltzen dio zuzenean Filosofia: Nor naiz ni, zer da gizakia, zein da bere xedea?

Galdera hori hamaika modutan formulatu da leku eta garai ezberdinetan, eta hamaika dira, halaber, emandako erantzunak. Historian zehar erantzun asko erlijiosoak izan dira eta erlijioso horien artean ere ikuspegi ezberdinak egon dira; beste ikuspegi batzuk,aldiz, agnostikoak edo ateoak izan dira.

Euskal Herrian kosmobisio,kultura eta mitologia propio bat izan dugu eta egun horren arrastoak nabariak dira. Euskal Herrian, Nor naiz ni, zer da gizakia, zein da bere xedea? Galderari erantzun propioak eman zaizkio eta beharrezkoa da horiek ezagutzea.

Espainiako eta Frantziako hezkuntza sistemetan eta ondorioz gure inguruan ere ,Filosofiari ez zaio aitortzen behar bezalako garrantzia (curriculumean batxilergo baten aukerazkoa jartzea adibide ) eta ez da derrigorrezko eskolaldian irakasten. Aldiz, gure ustez Filosofia derrigorrezko eskolaldian eman beharreko jakintza arlo garrantzitsua izan beharko luke, ez soilik 14 eta 16 urte bitarteko gazteentzat, baita haurrentzat ere. Haurrentzako filosofiaren onurak azpimarratu egin dituzte hainbat autorek, besteak- beste Lipman eta Sharp-ek, eta munduko hezkuntza sistema batzuetan integratuta dute.

KONPETENTZIEI EGITEN DIEN EKARPENA

Ikasten eta pentsatzen ikasi

Zerbait baldin bada, Filosofia pentsamenduaren diziplina da. Horregatik, Filosofiaren jakintza arloak eginkizun berezia dauka konpetentzia hau garatzeari begira. Filosofiak existentziaren inguruko gogoeta egitea du helburu, oinarrizko hiru galdera gakoen bidez:

  • Zer errealitatea? (Ontologia)

  • Nola ezagutzen dugu errealitatea? (Epistemologia)

  • Nola jokatu behar dugu? (Etika)

Noski, historian zehar galdera horiei emandako erantzunak askotarikoak izan dira. Kontua ez da emandako erantzun guztiak jakitea edo erantzun jakin bat barneratzea, baizik eta ikasle bakoitzak bere erantzun propioak aurkitu ditzan beharrezkoak dituen tresnak eskaintzea. Horregatik, Filosofiaren funtsa pentsatzen ikastea datza. Norberak, bere ondorio propioak atera ditzan eta bere aukerak kontzienteki egin ditzan beharrezkoa den pentsamendua.

Komunikatzen ikasi

Gogoeta egin, arrazonatu, eztabaidatu eta ondorioak atera. Horixe da Filosofiaren metodoa. Filosofia emankorra eta aberasgarria izan dadin, barne gogoeta egin beharra dago, ezbairik gabe; baina, era berean, gogoeta horiek besteekin partekatu, besteen gogoetak ezagutu,adostasunak eta desadostasunak identifikatu, eztabaidatu eta ondorioak atera beharra dago. Era honetan, besteekin batera, norberaren gogoetan aurrera egingo dugu. Filosofian garrantzia dauka norbanakoak egin beharreko barne gogoeta, baina hori bezain garrantzitsua da besteekin batera egin beharreko gogoeta kolektiboa.

Horregatik, Filosofiaren jakintza arloak ekarpen handia egin dezake komunikatzeko konpetentziari dagokionez: gure ideiak sintetizatu eta besteei aurkezteko gai izatea, besteen argudioak entzuten eta barneratzen ikastea, norberak besteei egin diezaiokeen ekarpena egitea…

Elkarrekin bizitzen ikasi

Filosofiaren gogoeta gai nagusienetako bat jendartearen antolaketari dagokio. Elkarbizitzako arauen inguruko gogoeta ez ezin, etikoki eta politikoki jendarte antolaketa hoberena zein den eztabaidatu izan dute filosofoek.Hortaz, Filosofiak elkarrekin bizitzeko kontutan hartu beharreko irizpideak eta eztabaidak mahai gaineratzen lagun dezake.

Norbera izaten ikasi

Gure burua hobeto ezagutzea, norbera izaten ikasteko lehenengo eginkizuna da. Eta Filosofiaren bidez geure burua hobeto ezagutzen ikas dezakegu. Izan ere, Filosofiak norberaren gaineko gogoeta egiten du, Natur Zientziek edota Sikologiak egin dezaketen bezala, baina modu integralago batean. Funtsean, nor naiz ni horri erantzuna ematen saiatzen da, horretarako hainbat jakintza arloetako elementuak erabiliz.

Egiten eta ekiten ikasi

Filosofiaren inguruan uste oker hau dago: “asko hitz egin baina ezer egin.” Gogoeta ezinbestekoa baita ekintza esanguratsua egon ahal izateko.

Uste okerra da, halaber, filosofoak “jendartetik eta errealitate zehatzetatik at” dauden pertsonak bezala definitzearena. Hori izango da, agian, batzuen kasuan, baina ez beste askorena: Greziako hiriak Sokrate heriotza zigorrera kondenatu zuen, Kant, Rousseau eta enparauek oinarri teorikoa eman zioten Iraultza Frantsesari, Marxek Manifestu Komunista idatzi zuen, are eta gehiago filosofia ekintzarako zela aldarrikatu zuen, eta Sartre existentzialista politikoki aktiboa izan zen II. Mundu Gerran, gerraostean eta Aljeriako gerraren garaian, hor dugu Chomsky ere eta beste hamaika.